Irteera 25:28-40 Elizen Arteko Biblia (EAB)

28. Egin akazia-zurez eta urreztatu mahaia eramateko hagak.

29. Egin azpilak, erretiluak, pitxerrak eta katiluak, isur-oparietarako; guztiok urre garbiz egingo dituzu.

30. Ezarri mahaian niri eskainiriko ogia; ezin faltako da sekula nire aurrean.

31. «Egin urre garbizko argimutila, mailuz landua: haren oin, gerri, kopa, kukulu eta lore-hostoek gorputz bat bera egingo dute;

32. bi alboetatik sei beso aterako zaizkio, hiruna beso albo bakoitzetik.

33. Argimutilaren gerritik ateratzen diren sei besoetariko bakoitzak almendra-lore gisako hiru kopa izango ditu, beren kukulu, lore-hosto eta guzti;

34. gerriak ere almendra-lore gisako lau kopa izango ditu, beren kukulu, lore-hosto eta guzti.

35. Argimutilaren gerritik ateratzen diren hiru beso-bikoteetariko bakoitzak bere kopa izango du behealdean.

36. Beso eta kopek gorputz bat bera egingo dute argimutilarekin; guztia urre garbiz landua izango da.

37. «Egin zazpi kriseilu eta ezarri argi-mutilaren gainean, piztean aurrealdea argi dezaten.

38. Su-hatzak eta errautsontziak urre garbizkoak izango dira.

39. Hogeita hamabost kilo urre garbi erabiliko dute argimutila eta hornigaiak egiteko.

40. Izan arreta, guztia mendian erakutsi zaizun ereduaren arabera egiteko.

Irteera 25