Irteera 14:6-12 Elizen Arteko Biblia (EAB)

6. Berehala, faraoiak bere guda-gurdia prestarazi zuen eta gudarostea bildu:

7. seiehun guda-gurdi berezi eta Egiptoko guda-gurdi guztiak eraman zituen, bakoitzean gudalburu bat zihoala.

8. Jaunak setatsu bihurtu zuen faraoia eta honek eraso egin zien israeldarrei, hauek libre ateratzen ziren bitartean.

9. Egiptoarrak israeldarrei erasotzera atera ziren beren zaldi, gurdi, zaldun eta gudaroste osoaz, eta itsasbazterrean harrapatu zituzten, Pi-Hiroten ondoan, Baal-Tzefonen parean.

10. Faraoia hurbil zen. Israeldarrak, egiptoarrak atzean zituztela ohartzean, izutu eta oihuka hasi zitzaizkion Jaunari.

11. Moisesi esan zioten:—Ez ote zegoen hilobirik aski Egipton, gu handik atera eta basamortuan hiltzera ekartzeko? Zergatik atera gaituzu Egiptotik?

12. Hain zuzen, hauxe eskatu genizun Egipton geundela: «Utzi egiptoarrentzat lanean jarraitzen. Hobe dugu hemen esklabo izan, basamortuan hil baino».

Irteera 14