Hebrearrei 1:5-14 Elizen Arteko Biblia (EAB)

5. Izan ere, Jainkoak ez dio sekula inongo aingeruri esan: Nire semea zara zu, gaur zaitut nik sortu;eta beste hau ere ez: Aita izango nau hark ni, eta seme izango dut nik hura.

6. Jainkoak bere lehen-semea munduan sarraraztean, berriz, honela esaten du: Adora dezatela bera Jainkoaren aingeru guztiek.

7. Aingeruei buruz hau dio Jainkoak: Haizearen antzeko egiten ditu bere aingeruak, sugarraren antzeko bere zerbitzariak .

8. Baina bere Semeaz hau esaten du: Zure tronua, oi Jainko, betikoa da, zure erregetza zuzentasun-erregetza.

9. Zuzen dena izan duzu maite eta oker dena gorroto; horregatik, Jainkoak, zeure Jainkoak , gantzutu zaitu, jai-giro pozgarrian, lagunen artean aukeraturik.

10. Eta beste hau ere badio: Jauna, hasieratik sendo ezarri zenuen lurra, zure eskuek egina da zerua;

11. haiek galduko dira, baina zuk iraungo; jantzia bezala gastatuko dira,

12. soinekoa bezala tolestuko dituzu, jantzia bezala aldatuko. Zu, ordea, beti bera, zure urteak amaigabeak.

13. Jainkoak ez dio sekula inongo aingeruri esan: Eseri tronuan nire eskuinean: etsaiak oin-aulkitzat jarriko dizkizut.

14. Zer dira, bada, aingeru guztiak, Jainkoaren zerbitzura dauden espirituak, salbamena jaso behar dutenei laguntzera bidaliak, baizik?

Hebrearrei 1