Hasiera 50:3-9 Elizen Arteko Biblia (EAB)

3. Berrogei egun eman zituzten zeregin horretan, horrenbeste egun behar baitira gantzuketarako.Egiptoarrek dolu egin zuten hirurogeita hamar egunez.

4. Dolu-egunak amaitu zirenean, honela mintzatu zitzaien Jose faraoiaren jauregikoei: «Gogoko banauzue, esaiozue, arren, faraoiari:

5. Aitak zin eragin dit, bera hiltzean, Kanaan lurraldean duen hilobian ehortziko dudala. Emadazu orain aita ehorztera joateko baimena; itzuliko naiz gero».

6. Faraoiak erantzun zion: «Zoaz eta ehortzi aita, zin egin diozun bezala».

7. Jose bere aita ehorztera joan zen. Harekin batera joan ziren faraoiaren funtzionario guztiak, jauregiko eta Egipto osoko handiki guztiak;

8. baita Joseren etxeko guztiak ere, senideak eta aitaren familiakoak. Haurrak eta abereak besterik ez zuten utzi Goxen eskualdean.

9. Gurdi eta zaldunak ere bazihoazen. Berealdiko multzoa osatzen zuten!

Hasiera 50