3. Zin egidazu Jaunarengatik, zeru-lurren Jainkoarengatik, ez duzula nire semearentzat emazterik hartuko bizi naizen lurralde honetako kanaandarren alabetatik,
4. baizik eta nire sorterrira eta ahaideengana joango zarela, nire seme Isaakentzat emaztea hautatzera.
5. Morroiak galdegin zion:—Beharbada, neskak ez du lurralde honetara nirekin etorri nahi izango. Orduan, zure semea zure sorterrira eraman beharko ote dut?
6. Abrahamek erantzun:—Ez eraman hara nire semea.
7. Zeruko Jainko Jaunak nire aitaren etxetik eta nire ahaideetatik hartu ninduen eta zin eginez agindu zidan: «Lurralde hau zure ondorengoei emango diet». Hain zuzen, berak bidaliko dizu aingerua aurretik, handik nire semearentzat emaztea hartu ahal izan dezazun.
8. Eta emakumeak zurekin etorri nahi ez badu, egin didazun zin-hitzetik aske geldituko zara. Dena den, ez eraman hara nire semea.
9. Morroiak, orduan, bere nagusi Abrahamen izterpean eskua ezarri eta zin egin zion.
29-30. Rebekak neba bat zuen, Laban izenekoa. Bere arrebak zeramatzan eraztuna eta eskumuturrekoak ikusi eta gizon bat mintzatu zitzaiola entzunik, Laban etxetik atera eta ur-putzu aldera joan zen korrika morroiarengana. Hau oraindik ur-putzutik hurbil zegoen, gameluen ondoan.
31. Labanek esan zion: «Zertan zaude hor kanpoan? Zatoz etxera, Jaunak bedeinkatu hori! Atondua dut etxea, baita gameluentzako tokia ere».
32. Labanek, etxean sartu, gameluei zamak kendu eta lastoa eta belarra eman zizkien. Ondoren, ura ekarri zien morroiari eta honen bidelagunei, oinak garbitzeko.