Ezekiel 8:11-17 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Israel herriko hirurogeita hamar arduradun, Xafanen seme Jaazanias erdian zela, irudi haien aurrean zeuden nor bere intsentsu-ontziarekin, eta intsentsuaren lurrina gora zihoan.

12. Esan zidan Jaunak: «Gizaseme, ikusten al duzu Israel herriko arduradunek ilunpetan egiten dutena, bakoitza bere irudi marraztuen gelatxoan dagoenean? Esaten dute: “Ez gaitu Jaunak ikusten; bertan behera utzi du Jaunak herrialde hau”».

13. Eta erantsi zidan: «Ikusiko duzu oraindik hauek baino higuingarritasun handiagorik».

14. Jaunaren etxearen iparraldeko ate ondora eraman ninduen; han emakumeak zeuden eserita Tamuz jainkoarengatik dolu egiten.

15. Esan zidan Jaunak: «Ikusten al duzu, gizaseme? Bada, ikusiko duzu oraindik hau baino higuingarritasun handiagorik».

16. Jaunaren etxeko barne-atarira eraman ninduen eta, tenpluko sarreran, atalondo eta aldare artean, hogeita bosten bat gizon ikusi nituen, bizkarrez Jaunaren tenplurantz eta aurpegiz ekialderantz; ekialderantz ahuspezturik, eguzkia gurtzen ari ziren.

17. Esan zidan Jaunak: «Ikusten al duzu, gizaseme? Eta hemen egiten dituzten higuingarritasunekin Juda herriak aski ez balu bezala, indarkeriaz betetzen dute herrialdea, ni are gehiago irainduz. Begira nola eramaten duten erramua sudurreraino!

Ezekiel 8