Ezekiel 43:19-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

19. Zezen bat emango diezu apaiz lebitarrei —Tzadoken ondorengoei, nire liturgi zerbitzurako nik, Jainko Jaunak, izendaturikoei—, barkamen-oparia eskaintzeko.

20. Zuk oparigaiaren odola hartu eta aldareko lau adarrak zipriztinduko dituzu, plataformetako lau kantoiak eta inguruko zintarri guztia. Horrela garbitu eta sagaratuko duzu aldarea.

21. Gero, barkamen-opariko zezena hartu eta erre egingo duzu horretarako ezarritako lekuan, santutegitik kanpo.

22. Bigarren egunean, akats gabeko ahuntz bat eskainiko duzu barkamen-oparitzat, eta aldarearen garbikuntza-ohikunea egingo duzu, zezenarekin bezalaxe.

23. Behin garbikuntza-ohikunea amaituta, hartu akats gabeko zezen bat eta ahari bat

24. eta niri, Jaunari, eskainiko dizkidazu. Apaizek beraien gainera gatza bota eta erre-oparitzat eskainiko dituzte nire ohorez.

25. Zazpi egunez, ahuntz, zezen eta ahari bana eskainiko dituzu egunero, denak akats gabeak, barkamen-oparitzat.

26. Zazpi egunez, aldarearen garbikuntza-ohikunea egingo da, garbi eta sagaratua geldi dadin.

27. Behin astea igaro ondoren, zortzigarren egunetik aurrera, zuen erre-opariak eta elkartasun-opariak eskainiko dituzte apaizek aldarean, eta nik begiko izango zaituztet. Nik, Jainko Jaunak, esana».

Ezekiel 43