Ezekiel 41:1-13 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Tenpluko sala handira eraman ninduen eta neurtu egin zuen: sarrerako hormek hiru metroko lodiera zuten;

2. ateak bost metroko zabalera, eta sarrerako albo-hormek bi metro eta erdikoa. Sala bera ere neurtu zuen: hogei metro zen luze eta hamar zabal.

3. Gero, barreneko gelara sartu eta sarrerako hormak neurtu zituen: metro bateko lodiera zuten, ateak hiru metroko zabalera, eta sarrerako albo-hormek hiru metro eta erdikoa.

4. Gela neurtu zuen: hamar metro zen luze-zabal. Orduan, esan zidan: «Toki santu-santua da hau».

5. Gizonak tenpluko horma neurtu zuen: hiru metroko lodiera zuen. Inguru guztian, eranskinak zeuden eraikita, bi metroko zabaleraz.

6. Gela haiek bata bestearen gain zeuden, hiru oinetan, eta bakoitzean hogeita hamar gela. Tenpluko hormak maila-moduko batzuk zituen, eta haien gainean zeuden ezarriak geletako habeak, eta ez tenpluaren beraren horman sartuak.

7. Oin bakoitzean gelak zabalagoak ziren, eta tenpluko horma, berriz, estuagoa. Barreneko oinetik bitartekora igarotzen zen, eta honetatik gorenekora.

8. Eta tenpluaren inguru guztian, hiru metroko ezponda ikusi nuen, eta haren gainean zeuden oinarrituak eranskin edo gelak.

9. Eranskinen kanpoko hormak bi metro eta erdiko lodiera zuen. Eta tenpluari erantsitako gela haien

10. eta apaizen gelen artean hamar metroko hutsartea zegoen, tenpluaren inguru guztian.

11. Geletatik bi ate zeuden hutsarte hartara: bata iparraldera eta bestea hegoaldera. Hutsartearen inguruko hormaren lodiera bi metro eta erdikoa zen.

12. Tenpluaren mendebaldean, eraikin bat zegoen hutsartearen azkenean: berrogeita bost metro zen luze eta hogeita hamabost zabal; hormak, berriz, bi metro eta erdi lodi.

13. Gizonak tenplua neurtu zuen: berrogeita hamar metro zen zabal. Hutsartearen, mendebaldeko eraikinaren eta hormen luzera, guztira, berrogeita hamar metrokoa zen.

Ezekiel 41