5. Artzain gabe, ardiak sakabanatu egin dira eta basapiztien harrapakin bihurtu.
6. Mendi eta muinoetan noraezean dabil nire artaldea; lurralde osoan dago sakabanatua, eta inor ez da berorretaz arduratu eta bila joaten.
7. Horregatik, artzainok, entzun nire, Jainko Jaun honen, mezua:
8. Ala ni, Jainko Jauna! Nire artaldea larrutua eta basapiztia guztien harrapakin izan da artzainik ez zuelako, eta artzainak ez dira nire artaldeaz arduratu; aitzitik, artzainek beren buruak zaindu dituzte eta ez nire artaldea;
9. beraz, artzainok, entzun nik, Jainko Jaunak, diodana:
10. Artzainen kontra ekingo diot: neure artaldea itzultzera behartuko ditut eta artzain-kargutik botako, ez dituzte aurrerantzean beren buruak bazkatuko; horien hortz artetik aterako ditut ardiak eta ez dituzte berriro elikagai izango.
11. Hau baitiot nik, Jainko Jaunak: Ni neu egingo naiz artaldearen kargu, neu arduratuko hartaz.
12. Artaldea sakabanatu zaionean, artzaina bere ardiez arduratzen den bezala, halaxe arduratuko naiz ni neure ardiez; egun lainotsu eta ilunean sakabanaturiko leku guztietatik aterako ditut.
13. Herri eta lurralde arrotzetatik atera eta bilduko ditut, eta beren lurraldera eramango; Israelgo mendietan bazkatuko ditut, haran eta herrialdeko bizileku guztietan.