Ezekiel 34:17-25 Elizen Arteko Biblia (EAB)

17. «Zuei, nire artaldekoei, hau diotsuet nik, Jainko Jaunak: Nik erabakiko dut ardien arteko auzia, ahari eta akerren artekoa.

18. Ez al duzue nahikoa larre bikainetan bazkatzea? Zergatik zapaldu hankapean gainerako larrea? Ez al duzue nahikoa ur garbia edatea? Zergatik zikindu gainerakoa zeuen hankaz?

19. Eta nire ardiek zuek zanpatutakoa jan behar dute eta zuek zikindutakoa edan.

20. Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Nik neuk erabakiko dut ardi gizenaren eta argalaren arteko auzia.

21. Ardi gaixoak beso-bizkarrez bultzaka eta adarka bazkatokitik kanpora bota dituzuelako,

22. neure ardiei laguntzera etorriko naiz, luzaroagoan suntsi ez ditzaten; nik neuk erabakiko dut ardien arteko auzia.

23. Artzain bakar bat jarriko dut artaldearen buru, David neure zerbitzaria; berak bazkatuko ditu, bera izango dute artzain.

24. Ni, Jauna, izango naute Jainko eta David nire zerbitzaria buruzagi. Nik, Jaunak, hitzemana.

25. Bakea ekarriko dien ituna egingo dut neure artaldearekin: basapiztiak desagerraraziko ditut herrialdetik, seguru biziko dira landa zabalean eta lasai lo egingo basoetan.

Ezekiel 34