Ezekiel 34:14-29 Elizen Arteko Biblia (EAB)

14. Larre oparotan bazkatuko ditut, Israelgo mendi garaietan izango dituzte eskortak. Han hartuko dute atseden eskorta ederretan, eta larre oparotan bazkatuko dira Israelgo mendietan.

15. Nik neuk larratuko dut artaldea, eta neuk harraraziko diot atseden. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

16. Ardi galduaren bila joango naiz, desbideraturik dabilena artalderatuko, hautsia duenari hanka lotuko, gaixoa indartu egingo dut. (Baina ardi gizenak eta indartsuak suntsitu egingo ditut). Zuzen zainduko ditut neure ardiak.

17. «Zuei, nire artaldekoei, hau diotsuet nik, Jainko Jaunak: Nik erabakiko dut ardien arteko auzia, ahari eta akerren artekoa.

18. Ez al duzue nahikoa larre bikainetan bazkatzea? Zergatik zapaldu hankapean gainerako larrea? Ez al duzue nahikoa ur garbia edatea? Zergatik zikindu gainerakoa zeuen hankaz?

19. Eta nire ardiek zuek zanpatutakoa jan behar dute eta zuek zikindutakoa edan.

20. Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Nik neuk erabakiko dut ardi gizenaren eta argalaren arteko auzia.

21. Ardi gaixoak beso-bizkarrez bultzaka eta adarka bazkatokitik kanpora bota dituzuelako,

22. neure ardiei laguntzera etorriko naiz, luzaroagoan suntsi ez ditzaten; nik neuk erabakiko dut ardien arteko auzia.

23. Artzain bakar bat jarriko dut artaldearen buru, David neure zerbitzaria; berak bazkatuko ditu, bera izango dute artzain.

24. Ni, Jauna, izango naute Jainko eta David nire zerbitzaria buruzagi. Nik, Jaunak, hitzemana.

25. Bakea ekarriko dien ituna egingo dut neure artaldearekin: basapiztiak desagerraraziko ditut herrialdetik, seguru biziko dira landa zabalean eta lasai lo egingo basoetan.

26. Neure mendi santuaren inguruan ezarriko ditut eta sasoian sasoiko euria bidaliko diet, neure bedeinkazioaren ezaugarri.

27. Landako zuhaitzek fruitua emango dute, lurrak uzta, eta nitarrak lasai biziko dira lurraldean. Beraien uztarriaren lokarriak apurtu eta esklabo bihurtu dituztenen eskupetik libratuko ditudanean, orduan jakingo dute ni naizela Jauna.

28. Ez dituzte berriro beste nazioek larrutuko, ezta basapiztiek irentsiko ere. Seguru biziko dira, inork izutu gabe.

29. Herrialdea baratzea jori bihurtuko diet; ez ditu berriro goseak joko eta beste nazioek ez dituzte lotsaraziko.

Ezekiel 34