1. Aldi baten buruan, baretu zitzaion haserrea Asuerori; baina ezin zitzaizkion erregeari ahaztu Baxtik egina eta honen aurka harturiko erabakia.
2. Honela mintzatu zitzaizkion orduan erregeari bere funtzionarioak: «Bil ditzatela erregearentzat neskatxa gazteak, birjinak eta politak.
3. Izenda itzazu zeure erresumako eskualde guztietan mandatariak, neskatxa birjinak eta politak Susara, erregearen haremera, ekar ditzaten; utz ditzatela emazteki horiek zaintzeko kargua duen Hegairen, erregearen irenaren, ardurapean; honek emango dizkie apaingarriak.
4. Eta emazteki horien artetik erregearen gogoko gertatzen dena izan bedi erregina, Baxtiren ordez».Ongi iruditu zitzaion erregeari, eta horrela egin zuen.
5. Bazen Susa hirian Mardokeo zeritzan judu bat, Jair-en semea, eta Ximeiren biloba, Benjaminen leinuko Kixen ondorengoa.
6. Babiloniako errege Nabukodonosorrek erbesteratua zuen Jerusalemdik, Judako errege Jekoniasekin atzerriratu zituenekin batera.
7. Bere lehengusina Hadasaren, hau da, Esterren, aitaordea zen, ez baitzuen Esterrek aitarik, ez amarik. Neska liraina zen gorputzez, eta biziki ederra. Aita-amak hil zitzaizkiolarik, Mardokeok zuen alabatzat hartua.
8. Erregearen esana eta erabakia zabaldurik, anitz neskatxa bildu zuten Susa hirira, Hegairen ardurapean jarriz. Ester ere jauregira eraman zuten besteekin batera eta Hegairen, emakume-zainaren, ardurapean jarri.