3-4. Berri on hau Jainkoaren Semeari buruzkoa da, Jesu Kristo gure Jaunari buruzkoa, alegia: berau giza jatorriz Daviden hazitik jaio zen; baina, hildakoen artetik piztu zenez gero, santu egiten duen Espirituaz Jainkoaren Seme ahaltsu egina izan da.
17. Izan ere, berri on horrek Jainkoak fedearen bidez bakarrik onartzen gaituela agertzen digu. Hau dio Liburu Santuak: Zintzoa fedeari esker biziko da.
18. Ikusten ari gara Jainkoak bere haserrea agertzen duela gizon-emakume guztien gain zerutik, sinesgabe eta zuzengabe direlako, eta beren zuzengabekeriaz egia ito egin dutelako.
19. Izan ere, Jainkoaz jakin daitekeena agerian dute, Jainkoak berak agertu baitie.
20. Mundua mundu denetik, berez ikusezina dena, hau da, Jainkoaren betiereko ahalmena eta jainkotasuna, ikusgarri gertatzen zaio haren egintzak aztertzen dituenari. Ez dute, beraz, aitzakiarik,
21. Jainkoa ezaguturik, ez baitiote aintzarik, ez eskerrik eman, berari dagokion bezala; baizik arrazoibide hutsaletan galdu dira eta beren adimen zentzugabea ilundu egin zaie.
22. Beren buruak zuhurtzat edukiz, ergel bihurtu dira;
23. eta, Jainko hilezkorraren aintza utzirik, gizaki hilkor, hegazti, lauoineko abere eta narrastien irudietara jo dute.
24. Horregatik, Jainkoak beren grina txarren menpe utzi ditu eta zikinkerietan erori dira, beren buruak desohoratzeraino.
25. Egiazko Jainkoaren ordez, gezurrezkoa ezarri dute eta, Egilearen ordez, egindakoak gurtu eta zerbitzatu. Bedeinkatua bera beti! Amen.
26. Jainkoak, beraz, grina lotsagarrietara eman ditu: emakumezkoek berezko sexu-harremanak utzi eta naturaren kontrakoetara jo dute.
27. Gizonezkoak ere, berez dagozkien emakumeekiko harremanak utzirik, elkarren irrikaz suturik dabiltza: gizonezkoek gizonezkoekin itsuskeriak egiten dituzte eta, horrela, beren jokabide okerraz merezitako zigorra berengan hartzen.
28. Jainkoaren egiazko ezagutza baztertu dutelako, Jainkoak beren pentsaera okerraren menpe utzi ditu, behar ez dena egin dezaten:
29. zuzengabekeriaz, txarkeriaz, diru-gosez eta gaiztakeriaz josiak daude; bekaizkeriaz, giza hilketaz, haserrez, azpikeriaz eta asmo gaiztoz beterik; izen onaren kentzaile,
30. gaizki-esale, Jainkoaren etsai, iraintzaile, harro handiputz, gaizkirako trebe eta gurasoekin bihurri dira;
31. zentzurik eta leialtasunik gabeak, bihotzik eta errukirik gabeak.
32. Badakite, bai, zein den Jainkoaren epaia: horrelakorik egiten duenak heriotza-zigorra merezi duela, alegia; baina, hala ere, horrelakoak beraiek egitea ez ezik, ontzat ematen dute besteek egitea ere.