Epaileak 9:6-16 Elizen Arteko Biblia (EAB)

6. Orduan, Sikemgo nagusi guztiak eta Bet-Miloko jendea bildu eta Sikemgo zutarriaren aldamenean dagoen arteondo ingurura joan ziren Abimelek errege izendatzera.

7. Jotamek, hori jakitean, Garizim mendi-gailurrera igo eta esan zuen garrasika: «Entzudazue, Sikemgo nagusiok, eta Jainkoak entzun diezazuela zuei!

8. «Behin batez, zuhaitzek erregea izendatu nahi zuten berentzat. Eta esan zioten olibondoari: “Izan hadi gure errege!”

9. Baina olibondoak erantzun zien: “Eta jainkoak eta gizon-emakumeak ohoratzeko den neure olioa emateari uko egin, zuhaitzen gainean dilindan ibiltzeko?”

10. «Orduan, zuhaitzek esan zioten pikondoari: “Izan hadi gure errege!”

11. Baina pikondoak erantzun zien: “Eta neure fruitu eder eta gozoa emateari uko egin, zuhaitzen gainean dilindan ibiltzeko?”

12. «Ondoren, zuhaitzek esan zioten mahatsondoari: “Izan hadi gure errege!”

13. Baina mahatsondoak ihardetsi zien: “Eta bai jainkoak, bai gizon-emakumeak pozten dituen neure ardoa emateari uko egin, zuhaitzen gainean dilindan ibiltzeko?”

14. «Azkenik, zuhaitzek elorriari esan zioten: “Izan hadi gure errege!”

15. Elorriak erantzun zien: “Egiaz zeuen errege izendatu nahi banauzue, zatozte, babestu nire itzalpean; bestela, Libanoko zedroak ere irentsiko dituen sugarra aterako zait”».

16. Eta Jotamek jarraitu zuen: «Abimelek izendatu duzue errege. Egoki eta zuzen jokatu al duzue hori egitean? Ongi jokatu al duzue Jerubaalekin eta beronen etxearekin? Honek egindako guztiarengatik merezi bezala ari izan al zarete?

Epaileak 9