3. Amaren senideek esan zieten hori guztia Sikemgo nagusiei, eta hauek Abimeleken alde jarri ziren, senide zutela esanez.
4. Baal-Berit jainkoaren jauretxetik zilarrezko hirurogeita hamar txanpon hartu eta Abimeleki eman zizkioten; honek, diru harekin, gizon arlote eta abenturazale-talde bat bildu zuen, jarrai ziezaioten.
5. Ofrara, bere aitaren etxera, joan eta bere anaiak, Jerubaalen hirurogeita hamar semeak, hil zituen, denak harri beraren gainean. Jerubaalen semerik gazteena, Jotam, besterik ez zen gelditu, gorde egin baitzen.
6. Orduan, Sikemgo nagusi guztiak eta Bet-Miloko jendea bildu eta Sikemgo zutarriaren aldamenean dagoen arteondo ingurura joan ziren Abimelek errege izendatzera.
7. Jotamek, hori jakitean, Garizim mendi-gailurrera igo eta esan zuen garrasika: «Entzudazue, Sikemgo nagusiok, eta Jainkoak entzun diezazuela zuei!
8. «Behin batez, zuhaitzek erregea izendatu nahi zuten berentzat. Eta esan zioten olibondoari: “Izan hadi gure errege!”
9. Baina olibondoak erantzun zien: “Eta jainkoak eta gizon-emakumeak ohoratzeko den neure olioa emateari uko egin, zuhaitzen gainean dilindan ibiltzeko?”
10. «Orduan, zuhaitzek esan zioten pikondoari: “Izan hadi gure errege!”
11. Baina pikondoak erantzun zien: “Eta neure fruitu eder eta gozoa emateari uko egin, zuhaitzen gainean dilindan ibiltzeko?”
12. «Ondoren, zuhaitzek esan zioten mahatsondoari: “Izan hadi gure errege!”
13. Baina mahatsondoak ihardetsi zien: “Eta bai jainkoak, bai gizon-emakumeak pozten dituen neure ardoa emateari uko egin, zuhaitzen gainean dilindan ibiltzeko?”
14. «Azkenik, zuhaitzek elorriari esan zioten: “Izan hadi gure errege!”
15. Elorriak erantzun zien: “Egiaz zeuen errege izendatu nahi banauzue, zatozte, babestu nire itzalpean; bestela, Libanoko zedroak ere irentsiko dituen sugarra aterako zait”».
16. Eta Jotamek jarraitu zuen: «Abimelek izendatu duzue errege. Egoki eta zuzen jokatu al duzue hori egitean? Ongi jokatu al duzue Jerubaalekin eta beronen etxearekin? Honek egindako guztiarengatik merezi bezala ari izan al zarete?
17. Zuen alde borrokatu zen gure aita, bere bizia arriskatuz, eta madiandarren menpetik libratu zintuzten.
18. Zuek, aldiz, gure aitaren etxearen kontra jaiki zarete gaur eta haren hirurogeita hamar semeak hil dituzue, denak harri beraren gainean. Eta haren mirabearen seme den Abimelek izendatu duzue zeuen errege, senide duzuela eta.
19. Beraz, Jerubaalekiko eta beronen etxearekiko gaur egoki eta zuzen jokatu duzuela uste baduzue, on degizuela Abimelekek, baita zuek ere Abimeleki!
20. Baina hala ez bada, kiskal zaitzatela zuek, Sikemgo nagusi eta Bet-Miloko jendeok, Abimelekengandik aterako den suak, eta kiskal dezala bera ere zuengandik eta Bet-Milokoengandik aterako denak!»
21. Ondoren, Jotamek ihes egin zuen; Beer-era joan eta bertan bizi izan zen, bere anaia Abimelekengandik urrun.