18. Otoi, ez joan hemendik nik eskaintza zure aurrera ekarri arte. Berehala itzuliko naiz.Jaunak erantzun zion:—Hementxe egongo naiz zu etorri arte.
19. Joan zen Gedeon eta antxume bat prestatu zuen eta, hogei kilo-edo irinez, legamia gabeko ogiak egin. Gero, okela otarrean eta salda eltzean harturik, arteondo azpira eraman eta Jaunari eskaini zion dena.
20. Jaunaren aingeruak esan zion:—Hartu okela eta legamia gabeko ogiak eta ezarri haitz horren gainean, eta isuri salda.Halaxe egin zuen Gedeonek.
21. Orduan, Jaunaren aingeruak, eskuan zuen makila luzatuz, muturraz okela eta legamia gabeko ogiak ukitu zituenean, sugarra atera zen haitzetik, okela eta legamia gabeko ogiak kiskaliz. Gero, desagertu egin zen Jaunaren aingerua Gedeonen aurretik.
22. Jaunaren aingerua izan zela ohartzean, Gedeonek esan zuen:—Ai, ene Jainko Jauna! Jaunaren aingerua ikusi dut aurrez aurre!
23. Jaunak esan zion:—Bakea zurekin! Ez izan beldurrik, ez zara hilko.
24. Gedeonek aldarea eraiki zuen bertan Jaunaren omenez, eta «Jauna bakea» izena eman zion. Han dago gaur ere oraindik, Ofran, Abiezerren senitartekoen hirixkan.
25. Gau hartan bertan, Jaunak esan zion Gedeoni:—Hartzazu aitaren idiskoa, zazpi urtekoa. Eraitsi gero aitak zaintzen duen Baalen aldarea eta puskatu haren ondoan dagoen zutoin sakratua.
26. Ondoren, eraiki arreta handiz aldarea Jaunari, zeure Jainkoari, babesleku honen gailurrean eta, zezena harturik, eskain ezazu erre-oparitzat, puskatuko duzun zutoin sakratuaren egurren gainean.
27. Gedeonek, beraz, bere morroien artetik hamar gizon harturik, Jaunak agindu bezala egin zuen; alabaina, bere senitartekoen eta hiriko jendearen beldur baitzen, egunez egin beharrean, gauez egin zuen.
28. Biharamun goizean jaikitzean, hiriko jendeak Baalen aldarea norbaitek hautsi eta haren ondoko zutoin sakratua puskatu zuela ikusi zuen, eta idiskoa erre-oparitzat eskainia zuela aldare berrian.
29. Eta elkarri galdetu zioten: «Nork egin ote du hori?» Ikertu eta aztertu ondoren, Joaxen seme Gedeonek egin zuela jakin zuten.
30. Orduan, hiriko jendeak esan zion Joaxi:—Atera ezazu semea! Hil egin behar dugu, Baalen aldarea hautsi eta haren ondoan zegoen zutoin sakratua puskatu duelako.
31. Joaxek, ordea, erantzun zien inguruan zituenei:—Nor eta zuek Baal jainkoa defendatzen? Zuek bera salbatzen? Norbaitek defendatzen badu, halakoa bihar goizerako hila izanen da. Baal jainko baldin bada, defenda beza bere burua, berea baitzuen hautsitako aldarea.
32. Egun hartan Gedeoni Jerubaal goitizena eman zioten, esanez: «Defenda bedi Baal, beraren aldarea hautsi duenaren kontra!»
33. Madiandarrek, amalektarrek eta ekialdeko basamortuko jendeak, denek elkar harturik, Jordan ibaia igaro eta Izreel lautadan ezarri zuten kanpalekua.
34. Jaunaren espirituz jantzirik, Gedeonek adarra jo eta bere ondoan bildu zituen Abiezerren senitartekoak.
35. Eta Manasesen lurralde osora mezulariak bidalirik, bere ondoan bildu zuen hango jendea ere. Gero Axer, Zabulon eta Neftaliren leinuetakoengana ere bidali zituen mezulariak, eta leinu haietakoak ere bildu zituen.