Eginak 24:13-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

2-3. Deitu zioten Paulori, eta Tertulok honela hasi zuen salakuntza: «Felix agurgarria, zuri esker eta zuk zeure arduraz nazio honen onerako egin dituzun hobekuntzei esker, bakerik ederrenean bizi gara. Eta esker onez beterik gaude guztiarengatik beti eta nonahi.

13. Ezin dizute leporatzen dizkidaten gauzen frogarik aurkeztu.

14. Hau bai, aitortzen dizut: horiek sektatzat daukaten Bide horren arabera zerbitzatzen dut geure arbasoen Jainkoa; baina nik Moisesen legean eta profeten liburuetan idatzirik dagoen guztia onartzen dut,

15. eta Jainkoarengan badut itxaropena —horiek bezalaxe— hildako guztiak, on eta gaizto, piztuko direla.

16. Horregatik ahalegintzen naiz ni ere, neure kontzientzia Jainkoaren eta gizonen aurrean beti garbi gordetzen.

17. «Urte askoren buruan, Jerusalemera etorria nintzen neure herritarrentzat limosnak ekartzera eta Jainkoari opariak eskaintzera.

18. Garbikuntza egin ondoren, opari horiek eskaintzen ari nintzen tenpluan aurkitu nindutenean, ez jendartean eta iskanbilan.

19. Baina Asia probintziako judu batzuk… Berauek agertu behar lukete zuregana, ni salatzera, nire kontra ezer badute.

20. Eta bestela, esan dezatela hemen dauden hauek zer oker aurkitu zidaten Biltzar Nagusiaren aurrean agertu nintzenean.

21. Izatekotan ere, berauen aurrean honako hitz hauek goraki esatea: “Hildakoen piztuera espero dudalako nago auzipean gaur zuen aurrean” ».

22. Felixek, oso ongi baitzekien kristau-bidearen berri, gerorako utzi zuen auzia, esanez: «Lisias gudalburua datorrenean erabakiko dut zuen arazoa».

23. Paulo zainpean edukitzeko agindu zion ehuntariari, baina lasai samar utziz, berari laguntzera joatea adiskideei debekatu gabe.

24. Handik egun batzuetara, judua zen bere emazte Drusilarekin joan zen Felix eta, Paulori deiturik, Jesu Kristoganako sinesmenari buruz entzuten egon zitzaion.

25. Baina Paulok zuzentasuna, nor bere buruaren nagusi izatea eta geroko epaia aipatu zizkionean, Felix larritu egin zen eta esan zion: «Bazoazke, oraingoz. Deituko dizut hurrengo egokiera dudanean».

26. Paulok dirua emango zion itxaropena ere bazuen Felixek, eta horregatik sarritan deitzen zion, berarekin hitz egiteko.

27. Bi urte geroago, Portzio Festo jarri zen gobernari Felixen ordez, eta Felixek Paulo kartzelan utzi zuen, juduei atsegin gertatzearren.

Eginak 24