Eginak 24:10-21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

2-3. Deitu zioten Paulori, eta Tertulok honela hasi zuen salakuntza: «Felix agurgarria, zuri esker eta zuk zeure arduraz nazio honen onerako egin dituzun hobekuntzei esker, bakerik ederrenean bizi gara. Eta esker onez beterik gaude guztiarengatik beti eta nonahi.

10. Orduan, gobernariak hitz egiteko baimena emanik, honela erantzun zuen Paulok: «Hainbat urtetan gure herriaren epaile zarela jakiteak ematen dit konfiantza neure buruaren defentsa egiteko.

11. Zeuk egiazta dezakezunez, hamabi egun besterik ez da Jerusalemera igo nintzela kultuan parte hartzera.

12. Eta ez nau inork tenpluan inorekin eztabaidan ikusi, ezta sinagogetan edo kalean jendea nahasten ere.

13. Ezin dizute leporatzen dizkidaten gauzen frogarik aurkeztu.

14. Hau bai, aitortzen dizut: horiek sektatzat daukaten Bide horren arabera zerbitzatzen dut geure arbasoen Jainkoa; baina nik Moisesen legean eta profeten liburuetan idatzirik dagoen guztia onartzen dut,

15. eta Jainkoarengan badut itxaropena —horiek bezalaxe— hildako guztiak, on eta gaizto, piztuko direla.

16. Horregatik ahalegintzen naiz ni ere, neure kontzientzia Jainkoaren eta gizonen aurrean beti garbi gordetzen.

17. «Urte askoren buruan, Jerusalemera etorria nintzen neure herritarrentzat limosnak ekartzera eta Jainkoari opariak eskaintzera.

18. Garbikuntza egin ondoren, opari horiek eskaintzen ari nintzen tenpluan aurkitu nindutenean, ez jendartean eta iskanbilan.

19. Baina Asia probintziako judu batzuk… Berauek agertu behar lukete zuregana, ni salatzera, nire kontra ezer badute.

20. Eta bestela, esan dezatela hemen dauden hauek zer oker aurkitu zidaten Biltzar Nagusiaren aurrean agertu nintzenean.

21. Izatekotan ere, berauen aurrean honako hitz hauek goraki esatea: “Hildakoen piztuera espero dudalako nago auzipean gaur zuen aurrean” ».

Eginak 24