Deuteronomioa 31:4-12 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. Jaunak Sihon eta Og errege amortarrei eta beraien lurraldeei egindakoa bera egingo die herri horiei ere, suntsitu alegia.

5. Jaunak zuen eskura jarriko ditu; zuek, nik agindu bezala jokatuko duzue haiekin.

6. Izan bihotz eta adore! Ez izan beldur eta ez ikaratu haien aurrean, Jauna bera, zuen Jainkoa, baitoa zuekin; ez zaituzte inola ere utziko».

7. Ondoren, Moisesek Josueri dei egin eta israeldar guztien aurrean esan zion: «Izan bihotz eta adore! Zeuk sarraraziko duzu herria arbasoei zin eginez Jaunak agindutako lurraldean eta zeuk banatuko lurraldea ondaretzat.

8. Jauna bera joango zaizu aurretik eta zeurekin izango duzu; ez zaitu inola ere utziko. Ez izan beldur! Ez kikildu!»

9. Moisesek lege hau idatziz jarri eta Jaunaren itun-kutxa zeramaten lebitarren eta Israelgo herri-arduradun guztien esku utzi zuen.

10. Eta agindu hau eman zien: «Zazpi urtez behin, zorren barkamen-urtean, Etxola Jaietan,

11. Israel osoa Jaunaren zuen Jainkoaren aurrean, berak aukeratuko duen lekuan aurkeztean, lege hau irakurriko diozue herri osoari ozenki.

12. Bildu herri osoa —gizon-emakumeak, haurrak eta zuen hirietan bizi diren etorkinak— denek entzun dezaten, Jaunari zuen Jainkoari begirune izaten ikasi eta lege honen xedapen guztiak betetzen saia daitezen.

Deuteronomioa 31