Deuteronomioa 24:3-7 Elizen Arteko Biblia (EAB)

3. Senar berriak ere, emakumeaz gogaiturik, dibortzio-agiria idatzi, emakumeari eman eta etxetik bidaltzen badu edota senar berria hiltzen bada,

4. zapuztu zuen lehenengo senarrak ezin hartuko du berriro emaztetzat, kutsatua bihurtu baita berarentzat. Higuingarri izango litzateke hori Jaunarentzat, eta Jaunak zeuen Jainkoak emango dizuen lurraldea ez duzue bekatuaz kutsatu behar.

5. «Gizon ezkonberria ez dago soldaduska egitera behartua, ezta beste edozein zerbitzu publiko egitera ere; urtebete geldituko da etxean, edozein betebeharretik libre, hartu duen emaztearekin gozatzeko.

6. «Ez duzue bahituran hartuko, ez errota, ez errotarria, bahituran bizia bera hartzea izango bailitzateke hori.

7. «Norbaitek israeldar herritarra, esklabo bihurtzeko nahiz saltzeko, bahitu egin duela jakiten baduzue, heriotzara emango duzue. Horrela desagerraraziko duzue gaiztakeria zeuen artetik.

Deuteronomioa 24