Deuteronomioa 2:5-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

5. Ez hasi haiekin borrokan, ez baitizuet haien lurralde-zatitxo bat ere emango, Seir mendialdea Esauren ondorengoei eman baitiet jabetzan.

6. Behar duzuen jatekoa eta edateko ura erosi egingo dituzue.

7. Gogoan izan Jaunak zeuen Jainkoak egintza guztietan bedeinkatu zaituztela eta basamortu izugarri honetan egin duzuen ibilaldiaz arduratu dela; zeuekin izan duzue berrogei urte hauetan eta ez zaizue ezer falta izan.

8. «Beraz, gure ahaide diren Esauren ondorengoen Seir lurralde ondotik igaro ginen, Elat eta Etzion-Geberretik datorren Arabako bidetik. Gero, norabidea aldatuz, Moabeko basamorturantz jo genuen.

9. «Orduan, Jaunak esan zidan: Ez eraso moabdarrei, ez hasi borrokan, ez baitizuet haien lurralderik emango; Loten ondorengoak direnez, beraiei eman diet Ar eskualdea.

10. (Lehenago emitarrak bizi ziren bertan, herri handi eta jendetsua, Anak erraldoiaren ondorengoak bezain altuera handikoa.

11. Gehienek refatartzat zeuzkaten, baina moabdarrek emitar deitzen zieten.

12. Seir lurraldean, berriz, hortarrak bizi izan ziren lehenago; baina Esauren ondorengoek lurralde hartatik bota eta suntsitu egin zituzten eta bertan jarri ziren bizitzen, israeldarrek Jaunak jabetzan eman dien lurraldean egin duten bezala).

13. Eta orain, abiatu eta igaro Zered erreka.«Hala egin genuen.

14. Kadex-Barneatik atera eta Zered erreka igaro arteko bidean hogeita hemezortzi urte eman genituen. Ordurako desagertua zen kanpalekutik, Jaunak zin egin zien bezala, gerra-gizonen belaunaldi hura guztia.

15. Jaunak berak jo zituen, kanpalekutik erabat desagerrarazi arte.

16. «Gudagizon haiek guztiak hil zirenean,

17. Jaunak esan zidan:

18. “Gaur bertan zeharkatuko duzue Moabeko muga Ar eskualderantz.

19. Amondarrekin topo egitean, ez eraso, ez hasi borrokan, ez baitizuet amondarren lurralderik emango; hauek ere Loten ondorengoak direnez, beraiei eman diet jabetzan lurralde hori”.

20. (Gehienek refatarren herrialdetzat zeukaten hau ere, lehenago refatarrak bizi izan baitziren bertan; baina amondarrek zanzumiar deitzen zieten.

21. Herri handi eta jendetsua zen, Anak erraldoiaren ondorengoak bezain altuera handikoa. Baina Jaunak suntsitu egin zituen, eta amondarrak, haiek lurraldetik bota ondoren, bertan jarri ziren bizitzen.

22. Beste horrenbeste egin zuen Jaunak Seirren bizi ziren Esauren ondorengoen alde: hortarrak suntsitu egin zituen, eta moabdarrak, haiek lurraldetik bota ondoren, bertan bizi dira gaurdaino.

Deuteronomioa 2