1. «Apaiz lebitarrek, Lebiren leinuko guztiek, alegia, ez dute beste israeldarrek bezala lursailik izango ondaretzat: Jaunaren ohorez eskainitako opariak eta Jaunari dagokiona izango dituzte mantenu-bide.
2. Lebitarrek, beraz, ez dute beste israeldarrek bezala ondare-zatirik izango, Jauna baitute ondare, berak hitzeman bezala.
3. «Hona herriak oparitzat eskaintzen dituen zekor eta arkumeetatik lebitarrei eskubidez dagokiena: sorbalda, matrailak eta urdaila.
4. Gari, ardo eta olioaren hasikinak eta ardi-mozketako lehen artilea ere beraiei emango zaizkie.
5. Izan ere, leinu guztien artean Lebiren leinukoak aukeratu ditu Jaunak zuen Jainkoak, beraren izenean liturgi zerbitzua betiko bete dezaten.
6. «Israelgo edozein hiritan bizi den lebitarrak, Jaunak beretzat aukeratuko duen lekura joatea erabakitzen badu,
7. Jaunaren bere Jainkoaren ohorez liturgi zerbitzuan jarduteko eskubidea izango du, bertan diharduten senide lebitar guztiek bezalaxe.
8. Haiena bezalako partea hartuko du bere mantenurako, famili ondasunak saltzetik jaso dezakeenaz gain.