Apokalipsia 10:4-8 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. Zazpi trumoiek hitz egin zutenean, idaztera nindoan, baina ahots bat entzun nuen zerutik esaten: «Gorde isilpean zazpi trumoiek esan dutena eta ez idatzi».

5. Orduan, itsas gainean eta lehorrean zutik ikusia nuen aingeruak, eskuineko eskua zerurantz jaso

6. eta, menderen mendetan bizi denarengatik, zeru, lur, itsaso eta berauetan dagoen guztiaren egileagatik, zin eginez, esan zuen: «Epea ez da gehiago luzatuko.

7. Zazpigarren aingerua turuta jotzen hastean, Jainkoak bere asmo ezkutua beteko du, bere zerbitzari profetei iragarri zien bezala».

8. Zerutik entzuna nuen ahotsak berriro hitz egin eta esan zidan: «Zoaz eta hartu itsas gainean eta lehorrean zutik dagoen aingeruak eskuan duen liburu irekia».

Apokalipsia 10