1. Bildu zituen Davidek berriro Israelgo gizonik aukerakoenak: hogeita hamar mila.
2. Eta Judako Baalatik abiatu zen, bere jende guztiarekin, Jaunaren kutxa handik ekartzeko asmoz. Kutxa hau Jaunaren izenari eskainia dago, izaki hegaldunen gainean jarria dagoen Jaun ahalguztidunaren izenari.
3. Ezarri zuten Jainkoaren kutxa gurdi berri baten gainean eta eraman zuten, muinoan zegoen Abinadaben etxetik. Uza eta Ahio, Abinadaben semeak, zihoazen itzain.
4. Han zeramaten, bada, gurdia, muinoan dagoen Abinadaben etxetik, Jainkoaren kutxa gainean zuela. Ahio aurretik zihoan.
5. David eta israeldar guztiak gogotik dantzatuz eta kantatuz zihoazen aurretik, zipres-zurezko musika-tresnak —zitarak, harpak, danbolinak, albokak eta txilinak— joz.
6. Nakonen larrainera heltzean, idiak irristatu egin ziren, eta Uzak, eskua luzatuz, eutsi egin zion Jainkoaren kutxari.
7. Jauna biziki haserretu zitzaion Uzari; bertan zauritu zuen eta han hil zen, Jainkoaren kutxa ondoan.
8. Atsekabetu egin zen David, Jaunak Uza jo eta ebaki zuelako, eta toki hari Peretz-Uza esan zion, hau da, «Uzaren Ebakidura», eta horrela deritza egundaino.
9. Egun hartan Jaunaren beldur izan zen David. Honela zioen: «Nola ekarriko dut, bada, nirera Jaunaren kutxa?»
10. Hala, Davidek ez zuen Jaunaren kutxa berera, Daviden Hirira, sarrarazi nahi izan, eta Gateko Obed-Edomen etxera eraman zuen.