2. Israeldar guztiek Davidengandik aldendu eta Bikriren seme Xebari jarraitu zioten. Judakoak, aldiz, beren erregeari atxiki zitzaizkion, Jordandik hasi eta Jerusalemeraino.
3. David erregeak, Jerusalemera bere etxera heldu zenean, hartu zituen etxezain utziak zituen hamar ohaide haiek eta etxe batean zaintzapean ipini zituen. Berak mantentzen zituen, baina ez zen gehiago etzan haiekin. Giltzapean eduki zituen bizitza guztian, bizi-alargun betiko.
4. Erregeak, behin batez, esan zion Amasari:—Bildu Judako gizonak gudurako eta zatozkit zeu ere haiekin batera hiru egunen buruan.
5. Amasa Judako gizonak biltzera joan zen; baina luzatu egin zuen, emaniko epea baino gehiago.
6. Orduan, Davidek esan zion Abixairi:—Absalomek baino kalte handiagoa egin behar digu orain Xebak, Bikriren seme horrek. Har itzazu zeure jaunaren gudariak eta zoaz haren ondoren. Ez dadila heldu hiri gotorretara, ihes eginen digu bestela.
7. Abixairekin atera ziren Jerusalemdik Joaben gizonak, keretarrak, peletarrak eta gudaririk adoretsuenak Bikriren seme Xebaren ondoren.
8. Gabaonen dagoen harri handiaren ingurura heltzean, han non datorkien Amasa. Joabek guda-jantzia zeraman soinean, gerrikoz loturik eta gerrikotik zintzilik ezpata bere zorroan. Amasarengana aurreratzean, ezpata erori zitzaion Joabi.
9. Honek esan zion Amasari:—Ongi al zara, ene anaia?Eta eskuineko eskuaz bizarretik heldu zion musu emateko.
10. Amasa ez zen ohartu Joabek beste eskuan zuen ezpataz; honek sabeletik sartu zion, hesteak lurrean barreiatuz. Ez zuen bigarrenez jo beharrik izan; bertan hil zen. Gero, Joabek eta beronen anaia Abixaik Bikriren semearen ondoren jarraitu zuten.
11. Joaben gudarietako bat Amasaren ondoan gelditu zen, eta honela zioen:—Joaben eta Daviden alde dagoen orok jarraitu Joabi!
12. Amasa, odoletan blai, bidearen erdian zetzan. Jende guztia gorpuaren ondoan gelditzen zela ikustean, gudari hark bidetik zelaira eraman eta oihalez estali zuen Amasa; bestela, haren ondora heltzen ziren guztiak gelditu egiten baitziren.
13. Bidetik baztertu zuenean, aurrera egin zuten denek, Joabi jarraiki, Bikriren seme Xeba harrapatzeko.
14. Xebak Israelgo leinu guztien lurraldeak igaro zituen Abel-Bet-Maakaraino; Bikriren senitarteko guztiak bildu eta Xebaren atzetik sartu ziren hirira.
15. Heldu ziren Joaben gizonak eta setiatu zuten Abel-Bet-Maaka; hiriari erasotzeko, harresiaren gailurreraino lurra pilatuz, harresia hausten eta botatzen saiatu ziren denak.
16. Hortan, hiriko emakume argi batek honela egin zuen oihu:—Adizue, adizue! Esan, arren, Joabi hona hurbiltzeko, berarekin mintzatu nahi dut eta.