10. Amasa ez zen ohartu Joabek beste eskuan zuen ezpataz; honek sabeletik sartu zion, hesteak lurrean barreiatuz. Ez zuen bigarrenez jo beharrik izan; bertan hil zen. Gero, Joabek eta beronen anaia Abixaik Bikriren semearen ondoren jarraitu zuten.
11. Joaben gudarietako bat Amasaren ondoan gelditu zen, eta honela zioen:—Joaben eta Daviden alde dagoen orok jarraitu Joabi!
12. Amasa, odoletan blai, bidearen erdian zetzan. Jende guztia gorpuaren ondoan gelditzen zela ikustean, gudari hark bidetik zelaira eraman eta oihalez estali zuen Amasa; bestela, haren ondora heltzen ziren guztiak gelditu egiten baitziren.
13. Bidetik baztertu zuenean, aurrera egin zuten denek, Joabi jarraiki, Bikriren seme Xeba harrapatzeko.
14. Xebak Israelgo leinu guztien lurraldeak igaro zituen Abel-Bet-Maakaraino; Bikriren senitarteko guztiak bildu eta Xebaren atzetik sartu ziren hirira.
15. Heldu ziren Joaben gizonak eta setiatu zuten Abel-Bet-Maaka; hiriari erasotzeko, harresiaren gailurreraino lurra pilatuz, harresia hausten eta botatzen saiatu ziren denak.
16. Hortan, hiriko emakume argi batek honela egin zuen oihu:—Adizue, adizue! Esan, arren, Joabi hona hurbiltzeko, berarekin mintzatu nahi dut eta.
17. Hurbildu zen Joab eta emakumeak esan zion:—Zu al zara Joab?Joabek erantzun:—Bai!Emakumeak esan zion:—Entzun zeure mirabe honek esan behar dizuna.Eta Joabek:—Adi nago.
18. Emakumeak, orduan:—Antzina esan ohi zuten: «Galdetzekotan, galdetu Abel hirian, eta kito».
19. Israelen hiri baketsu eta zintzorik bada, gure hauxe da bat. Akabatu egin behar al duzu hainbat israeldarren ama den hiri hau? Zer dela-eta nahi duzu hondatu Jaunaren ondarea?
20. Joabek erantzun zion:—Ez horixe! Horrelakorik ez! Ez dut hondatuko, ez dut desegingo!
21. Ez natorkizue horretara. Baina baduzue hor, bere eskua erregearen kontra jaso duen gizon bat, Efraimgo mendialdekoa. Xeba du izena, Bikriren semea. Emadazue hori, eta alde egingo dut hiritik.Emakumeak, orduan, Joabi:—Hara, harresi gainetik botako dizugu horren burua.
22. Joan zen emakumea jendearengana eta argi mintzatu zitzaion. Moztu zioten, beraz, lepoa Bikriren seme Xebari eta Joabi bota zioten. Orduan, Joabek adarra jo zuen, nork bere etxolara alde egin zezan. Joab Jerusalemera joan zen, erregeagana.
23. Joab zen israeldar gudaroste osoaren buruzagi nagusia; Benaias, Joiadaren semea, keretarren eta peletarren buruzagia;
24. Adoram, lanera behartutakoen arduraduna; Ahiluden seme Josafat, agirizaina;
25. Xeba, idazkaria; Tzadok eta Abiatar, apaizak;
26. Jairko Ira ere Daviden apaiza zen.