6. Horrela, bada, atera zen gudarostea zelaira, israeldarrei aurre egitera. Efraimgo oihanean ekin zioten guduari.
7. Daviden zerbitzariek menderatu egin zituzten israeldarrak. Egun hartan izugarria izan zen triskantza: hogei mila gizon galdu ziren.
8. Lurralde osora zabaldu zen borroka. Egun hartan, ezpatak baino jende gehiago irentsi zuen oihanak.
9. Absalom, mando gainean zihoala, Daviden gudariekin aurrez aurre gertatu zen ustekabean. Mandoa arte-arbola handi baten azpian sartzean, arte-adarretan katigatu zitzaion Absalomi ilea; zeru-lurren artean zintzilikaturik gelditu zen, mandoak aurrera egin zuelako.
10. Hori ikusi zuen gizon batek adierazi zion Joabi:—Absalom arteondo batetik zintzilik ikusi dut.
11. Joabek esan zion berria ekarri zion gizonari:—Ikusi eta zergatik ez duk, bada, bertan lurrari josi? Zilarrezko hamar txanpon eta gerriko bat emango nizkian.
12. Gizonak ihardetsi zion Joabi:—Eskuetan zilarrezko mila txanpon ipiniko bazenizkit ere, ez nioke eskurik erantsiko erregearen semeari. Aditu nuen nola esaten zizuen erregeak zuri, Abixairi eta Itairi: «Zaindu Absalom gaztea!»
13. Haren aurka halako maltzurkeria egin izan banu, erregeak jakingo zukeen, eta orduan zu ere ez zinatekeen nitaz arduratuko.