2. Salomonek denei eman zien erantzuna; ez zen izan erregeak erantzunezineko galdera ilunik.
3. Ikusi zuen Sabako erreginak Salomonen jakinduria nolakoa zen, nolakoa hark eraikitako jauregia,
4. nolako janariak zeuden haren mahaian, nolako biziera dotorea zeramaten haren funtzionarioek, zein lirain eta ongi jantziak zeuden haren mahai-zerbitzariak eta edari-emaileak, baita nolako erre-opariak eskaini ohi zituen Jaunaren etxean ere, eta harri eta zur gelditu zen.
5. Eta esan zion erregeari: «Egia zen, bai, neure herrian zure egintzez eta jakinduriaz aditua nuena.
6. Ez nuen sinesten, harik eta neu etorri eta neure begiz ikusi dudan arte. Alafede! Erdia ere ez zidaten esan zure jakinduriaren handiaz! Aditua nuena baino askoz handiagoa da zure ospea.
7. Dohatsua zure jendea, dohatsuak zure jakinduria entzunez beti zure aurrean dauden zerbitzariak!
8. Bedeinkatua Jauna, zure Jainkoa, bere errege-aulkian ezarri nahi izan baitzaitu bera zerbitza dezazun! Beti iraunaraziko du zure Jainkoak Israel, maite duelako, eta zu egin zaitu errege, zuzenbidez eta zuzentasunez goberna dezazunĀ».
9. Gero, Sabako erreginak lau mila kilo urre baino gehiago eta, gainera, egundoko usaingarri- eta harribitxi-multzo handia eman zion erregeari. Ez zen behin ere izan Sabako erreginak Salomon erregeari eman ziona bezalako usaingarririk.
10. Bestalde, Huram erregearen itsasgizonek, Salomonekin batera, Ofirko urreaz gainera, zur bikaina eta harribitxiak ere ekarri zituzten.