2 Kronikak 4:2-11 Elizen Arteko Biblia (EAB)

2. Ondoren, brontzea urtu eta «Itsaso» deitu zuen uraska biribila eginarazi zuen; bost metroko diametroa zuen, bi metro eta erdiko sakona eta hamabost metroko ingurua.

3. Ertzaren azpialdean, inguru guztian, zezen-irudiak zituen, hogei zezen metro bakoitzeko, bi lerrotan jarriak, uraska egin zeneko urtzaldi berean eginak.

4. Hamabi zezenen gainean zegoen uraska; hiru zezen iparraldera begira zeuden, beste hiru mendebaldera, beste hiru hegoaldera eta beste hiru ekialdera; atzeak barnealdera zituzten.

5. Uraskaren lodiera esku-arra betekoa zen. Ezpainak lili-kaliza bezalakoak ziren. Ehun eta hogei mila litro hartzen zuen uraskak.

6. Hamar ur-ontzi eginarazi zituen eta uraskaren ezker-eskuin ezarri, bost alde batean eta bost bestean; haietan garbitu ohi zuten erre-oparietarako guztia. Brontzezko uraska handia, berriz, apaizen garbikuntzetarako izaten zen.

7. Urrezko hamar argimutil ere egin zituen, agindutako ereduaren arabera, tenpluko sala handian ezartzeko, bost eskuinaldean eta beste bostak ezkerraldean.

8. Hamar mahai egin zituen eta sala handian ipini, bost eskuinaldean eta bost ezkerraldean. Urrezko ehun isipu-ontzi ere egin zituen.

9. Apaizen ataria eta beste atari handiagoa egin zituen, bere ate eta guzti; ateak brontzez jantzi zituen.

10. Brontzezko uraska handia tenpluaren eskuinaldean hego-ekialdera ezarri zuen.

11. Azkenik, pertzak, hauts-palak eta isipu-ontziak egin zituen Huramek. Honela bukatu zituen Jainkoaren etxerako Salomonek agindu zizkion lanak.Hona hemen lan horien zerrenda:

2 Kronikak 4