1. Josafat oso aberats eta ospetsu izan zen eta, bere semearen ezkontzaz, Israelgo errege Akaben ahaide egin zen.
2. Zenbait urteren buruan Samariara jaitsi zen, Akab ikustatzera. Akabek ardi eta idi ugari hil zuen Josafatentzat eta beronekin zetorren jendearentzat. Gero, Galaadeko Ramoti erasotzeko zirikatu zuen
3. Israelgo errege Akabek Judako errege Josafat, esanez:—Nahi al duzu nirekin etorri Galaadeko Ramoti erasotzera?Josafatek erantzun:—Biok bat gara, nire gudarostea eta zurea ere bai. Zurekin joango gara gudura.
4. Eta erantsi zuen:—Begira lehenik zer dioen Jaunak.
5. Bildu zituen Israelgo erregeak profetak, laurehun lagun, eta galdegin zien:—Joango al gara Galaadeko Ramoti erasotzera, bai ala ez?Haiek erantzun zioten:—Eraso! Zeure eskuetara emango dizu Jaunak.
6. Josafatek, ordea, galdetu zuen:—Ez al da hemen Jaunaren beste profetarik, beraren bidez Jaunari kontsulta egiteko?
7. Israelgo erregeak erantzun zion Josafati.—Bai, bada beste gizon bat: Mikeas, Imlaren semea. Galdegin diezaiokegu Jaunari horren bidez; baina nik gorroto dut, gauza txarrak bakarrik iragartzen baitizkit, onak iragarri beharrean.Josafatek esan zion:—Ez zaitez horrela mintza, errege jauna.
8. Israelgo erregeak funtzionario bati dei egin eta agindu zion:—Bizkor, etorrarazi Mikeas, Imlaren semea!
9. Israelgo erregea eta Judako Josafat, errege-jantzitan, aulki banatan zeuden, Samariako sarrera aurreko zabalgunean. Haien aitzinean, han ari ziren profeta guztiak profeta-jardunean.
10. Haietarik batek, Kenaanaren seme Sedekias deituak, eginak zituen burdinazko adar batzuk eta honela zioen: «Hau dio Jaunak: “Adar hauez adarkatuko dituzu siriarrak, desegin arte”».
11. Halaxe zioten gainerako profeta guztiek ere: «Eraso Galaadeko Ramoti! Onik aterako zara. Eskura emango dizu Jaunak hiria!»