10. Hirira heltzean, oihu egin zieten atezainei eta berri eman, esanez:—Siriarren kanpalekuan izan gara, eta han ez dago inor; ez da giza hotsik aditzen. Zaldiak eta astoak lotuak eta oihal-etxolak zeuden zeudenean utziak besterik ez dago han.
11. Atezainek barnera oihu egin eta jauregiraino zabaldu zuten berria.
12. Erregeak, artean gaua zelarik, jaiki eta esan zien bere ministroei:—Nik adieraziko dizuet nolako azpikeria asmatu duten siriarrek gure kontra: goseak gaudela badakitenez, kanpalekutik irten eta landan gorde dira, gu hiritik aterako garelakoan. Orduan, gu bizirik harrapatu eta hirian sartzeko asmoa dute, inondik ere.
13. Ministroetarik bat honela mintzatu zen:—Har ditzagun hirian gelditzen diren zaldietarik bost, hirian gelditzen diren israeldar guztien bukaera bera izango baitute bestela ere. Bidal ditzagun eta ikusiko dugu.
14. Bi guda-gurdi beren zaldiekin prestatu eta siriar gudarostearen aztarna bila bidali zituen erregeak, esanez:—Zoazte eta ikus!