18. Orduan, Josiasek agindu zuen:—Utzi hori; ez ditzala inork ukitu hezur horiek!Horrela, errespetatu egin zituzten hezur haiek, baita Samariatik etorria zen profetarenak ere.
19. Israelgo erregeek eraikiak zituzten muinoetako kultu-lekuak Samariako hirietan ere, Jainkoa haserraraziz; Josiasek bota egin zituen halako eraikuntza guztiak ere, Betelgoa bezalaxe.
20. Kultu-leku haietako apaizei lepoa moztu zien aldare gainean eta giza hezurrak erre zituen aldare haien gainean.Ondoren, Jerusalemera itzuli zen.
21. Orduan, Josias erregeak agindu zion herri osoari:—Ospa ezazue Pazko-jaia Jaunaren, zeuen Jainkoaren, ohoretan, itun-liburu honetan idatzia dagoen bezala.
22. Epaileek Israel gobernatu zutenez geroztik, eta Israelgo nahiz Judako erregeen aldi osoan, ez zen hura bezalako Pazko-jairik ospatu izan.
23. Josiasen erregealdiko hemezortzigarren urtean ospatu zuten Pazko-jai hura Jerusalemen Jaunaren ohoretan.
24. Hilkias apaizak Jaunaren etxean aurkitu zuen lege-liburuko aginduak betez, Josiasek desagerrarazi egin zituen Jerusalemdik eta Juda lurralde osotik hildakoen espirituei dei egiten zieten guztiak eta igarleak; eta etxe-jainkoen irudiak, idoloak eta irudi nazkagarriak hautsi egin zituen.
25. Ez Josiasen aurretik, ez ondotik ez zen izan bere bihotz, gogo eta indar guztiaz Jaunarengana itzuli zen beste erregerik; denetan bete zituen Josiasek Moisesen irakaspenak.
26. Hala ere, Jaunari ez zitzaion baretu Judaren kontra zuen haserre bizia, Manasesek egin zizkion irain izugarriak zirela eta.
27. Esan zuen Jaunak: «Urrundu egingo dut neure aurretik Juda ere, Israel urrundu nuen bezala. Zapuztu egingo ditut aukeratu nuen Jerusalem hiria eta egonlekutzat hartua nuen tenplua».