1. Zazpi urte zituen Joaxek errege izaten hastean;
2. Jehuren erregealdiko zazpigarren urtea zen, eta berrogei urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Tzibia zuen izena eta Beer-Xebakoa zen.
3. Jaunari atsegin zaiona egin zuen Joaxek bere bizitza osoan, Joiada apaizak irakatsi zionaren arabera.
4. Hala ere, ez ziren muinoetako kultu-lekuak desagertu; jendeak jarraitu egiten zuen halako muinoetan opariak eskaintzen eta intsentsua erretzen.
5. Joaxek agindu zien apaizei:—Jaunaren etxerako biltzen den diru guztia, nahiz nork bere buruarengatik ordaindu beharrekoa, nahiz nork bere gogoz Jaunaren etxerako emana,
6. hartu zeuek, apaizok, laguntzaileen bidez, eta konpondu tenpluak dituen hondaketa guztiak.
7. Joaxen erregealdiko hogeita hirugarren urtean, ordea, oraino konpondu gabe zituzten apaizek tenpluko hondaketak.
8. Erregeak Joiada eta gainerako apaizei dei egin eta esan zien:—Zergatik ez dituzue konpondu tenpluko hondaketak? Aurrerantzean ez duzue zeuen laguntzaile horiengandik dirurik hartuko; tenplua konpontzeko eman beharko duzue.