1 Samuel 9:6-14 Elizen Arteko Biblia (EAB)

6. Morroiak erantzun zion:—Adizu! Bada hiri honetan Jainkoaren gizon ospetsu bat. Horrek dioen bezalaxe gertatu ohi dira gauzak. Goazen berorrengana, ea esaten digun nondik nora ibili.

7. Saulek, orduan, morroiari:—Goazen, bada. Baina zer emango diogu gizon horri? Ez dugu ogirik geure zorroetan, ezta esku-erakutsirik ere Jainkoaren gizon horri emateko. Ba al dugu ezer?

8. Morroiak erantzun zion Sauli:—Nik badut zilarrezko txanpon laurdena; horixe emanen diogu Jainkoaren gizonari, bidea erakuts diezagun.

9. (Antzina, Israelen, Jainkoari kontsulta egitera zihoanak honela esan ohi zuen: «Goazen ikusleagana». Izan ere, orain profeta deritzanari, lehen ikusle zeritzan).

10. Saulek esan zion morroiari:— Ederki esana. Goazen, bada!Eta Jainkoaren gizona bizi zen hirira jo zuten.

11. Hirirantz aldapan gora zihoazela, hara non ikusten dituzten ur bila irten ziren neska batzuk. Honela galdegin zieten:—Hemen al da ikuslea?

12. Neskek erantzun zieten:—Bai, hemen da. Hortxe aurrean duzue. Zabiltzate, beraz, bizkor; muinoan herriaren alde oparia eskaini behar duelako etorri da gaur hirira.

13. Hirian sartu eta berehala aurkituko duzue, opari-otordurako muinora igo dadin baino lehen. Ez da inor jaten hasiko, bera heldu arte, berak bedeinkatu behar baititu opariak, gero gonbidatuek jateko. Igo zaitezte, bada, eta berehala aurkituko duzue.

14. Igo ziren, bada, hiriraino eta, hiriko atetik sartzearekin batera, Samuel agertu zitzaien, muinorantz zihoala.

1 Samuel 9