1 Samuel 21:7-11 Elizen Arteko Biblia (EAB)

7. Orduan, apaizak ogi sakratua eman zion, ez baitzen han beste ogirik, Jaunari eskainiak baizik; Jaunaren aurretik kenduak ziren, ogi berria ezartzeko.

8. Han zegoen, egun hartan, Jaunaren santutegian gelditua, Saulen zerbitzarietako bat; Doeg zuen izena, Edomgoa eta Saulen artzainburua.

9. Davidek esan zion Ahimeleki:—Ba al duzu hemen eskura lantzarik edo ezpatarik? Ez ditut hartu neure ezpata eta neure armak, erregearen agindua oso presakakoa baitzen.

10. Apaizak erantzun:—Hementxe dut, zeuk Terebinto haranean hil zenuen Goliat filistearraren ezpata, oihal batean bildua, efod delako apaiz-jantziaren atzean. Hartzazu, nahi baduzu, ez baitago besterik.Davidek esan zuen:—Ez da hori baino hoberik. Emadazu!

11. Abiatu zen David eta Saulengandik urruti joan zen, ihesi, egun hartan. Gateko errege Akixengana heldu zen.

1 Samuel 21