1 Kronikak 16:1-7 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Ekarri zuten, bada, Jainkoaren kutxa eta Davidek harentzat jasoa zuen oihal-etxolaren erdi-erdian ezarri. Ondoren, erre-opariak eta elkartasun-opariak eskaini zizkioten Jainkoari.

2. Oparien eskaintza bukatzean, Davidek bedeinkatu egin zuen herria Jaunaren izenean,

3. eta israeldar guztiei, gizaseme nahiz emakume, ogia eta okela-zati bana eta mahaspasa-opil bana eman zizkien.

4. Lebitar batzuk izendatu zituen Davidek Jaunaren kutxa aurrean zerbitzaldia egin eta Jauna, Israelen Jainkoa, ohora, ospa eta gorets zezaten.

5. Asaf zen zuzendaria, Zakarias laguntzailea; Jeielek, Xemiramotek, Jehielek, Matitiasek, Eliabek, Benaiasek, Obed-Edomek eta Jeielek musika-tresnak, harpak eta zitarak jotzen zituzten, eta Asafek berak jotzen zituen txilinak.

6. Benaias eta Jahaziel apaizek etengabe jotzen zuten turuta Jainkoaren itun-kutxaren aitzinean.

7. Egun hartan agindu zien lehen aldiz Davidek Asafi eta beronen ahaideei kanta ziezaiotela Jaunari gorespen kantu hau:

1 Kronikak 16