1. Davidek etxeak eraikiarazi zituen Daviden Hiria zeritzan alderdi hartan. Jainkoaren kutxa ezartzeko tokia aukeratu eta oihal-etxola prestatu zuen bertan.
2. Gero, esan zuen: «Lebitarrek beste inork ezin du eraman Jainkoaren kutxa, Jaunak aukeratu baititu Jaunaren kutxa eraman eta beti zerbitza dezaten».
3. Bilarazi zituen Davidek israeldar guztiak Jerusalemen, Jaunaren kutxa berak prestatua zion tokira igotzeko.
4. Era berean, bilarazi zituen Aaronen ondorengo ziren apaizak eta lebitarrak ere.
5. Hona hemen bildu ziren lebitarrak: Kehaten senitarteko ehun eta hogei lagun, Uriel buru zutela;
6. Merariren senitarteko berrehun eta hogei lagun, Asaias buru zutela;
7. Gerxomen taldeko ehun eta hogeita hamar lagun, Joel buru zutela;
8. Elitzafanen taldeko berrehun lagun, Xemaias buru zutela;
9. Hebronen taldeko laurogei lagun, Eliel buru zutela;
10. Uzielen taldeko ehun eta hamabi lagun, Aminadab buru zutela.
11. Ondoren, Davidek Tzadok eta Abiatar apaizei eta Uriel, Asaias, Joel, Xemaias, Eliel eta Aminadab lebitarrei dei egin
12. eta esan zien: «Zuek zarete lebitarren familiaburuak. Egitzazue garbikuntzak, zuek eta zuen ahaideek, Jaunaren, Israelen Jainkoaren, kutxa nik atondu diodan tokira igotzeko.
13. Lehenbiziko aldi hartan zuek han ez zinetenez, Jaunak, gure Jainkoak, zigortu egin gintuen, haren erabakiak bete ez genituelako».
14. Apaizek eta lebitarrek, beraz, egin zituzten garbikuntzak, Jaunaren, Israelen Jainkoaren, kutxa eraman ahal izateko.