1 Kronikak 11:11-15 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Hona hemen Daviden gudari adoretsu haien izenak: Jaxobeam, hakmondarra, hiru ausarten buruzagia. Behin batez, hirurehun gizonen kontra astindu zuen bere lantza, eta denak hil zituen.

12. Honen ondoren, Eleazar, Dodo ahohitarraren semea, hiru gudari haietakoa.

13. Davidekin zen hau Pas-Damimen, filistearrak borrokarako bildu zirenean. Jendeak ihes egin zuen filistearrengandik. Bazen han garagar-sail bat eta

14. Eleazarrek eta bere gizonek, sailaren erdian tinko, defendatu egin zuten, filistearrak hilez. Garaipen handia lortu zuen Jaunak.

15. Beste batean, hogeita hamarren taldeko hiru buruzagi haitzartera jaitsi ziren Davidengana, Adulamgo leizera. Filistearrak refatarren haranean zeuden kanpatuak.

1 Kronikak 11