1. Salomonen agintea Eufrates ibaitik filistearren lurralderaino eta Egiptoko mugetaraino hedatzen zen. Zergak ordaintzen zizkioten denek eta bere bizitza osoan menpean izan zituen.
2. Hona zenbat elikagai behar zuen Salomonek egunero: ia zazpi tona ogi-irin garbi eta hamalau tona ogi-irin arrunt;
3. hamar idi gizen eta hogei idi larreko; ehun ardi eta, gainera, hainbat orein, basahuntz, orkatz eta hegazti gizen.
4. Eufrates ibaiaz mendebaldera, Tifsahetik Gazaraino, Salomonek agintzen zuen; ibaiaz mendebaldeko errege guztiak haren menpeko ziren, eta bakean bizi zen inguruetako lurralde guztietakoekin.
5. Salomonen bizitza osoan lasai bizi izan ziren Juda eta Israelgo guztiak, nor bere mahatsondo edota pikondoaren itzalean.