1 Erregeak 14:14-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

14. Jeroboamen ondorengotza suntsiaraziko duen erregea sortuko du Jaunak Israelen gaur bertan. Zer gaur bertan? Oraintxe bertan

15. astinduko du Jaunak Israel! Uretan dardaratzen den kanabera bezala izango da. Beraien gurasoei eman zien lurralde eder honetatik bota egingo ditu israeldarrak eta Eufrates ibaiaz beste aldean barreiatuko. Izan ere, israeldarrek zutoin sakratuak egin dituzte eta Jauna haserrarazi.

16. Jeroboamek egin dituen eta Israeli eginarazi dizkion bekatuengatik Jaunak utzi egingo du Israel eskutik.

17. Orduan, Jeroboamen emaztea joan egin zen, eta Tirtza hirira heltzean, etxeko atetik sartzen ari zelarik, mutikoa hil egin zen.

18. Ehortzi zuten eta Israel osoak egin zion dolu, Jaunak bere zerbitzari Ahias profetaren bidez esana zuen bezala.

19. Jeroboamen gainerako jarduerak, izan zituen guduak eta nola gobernatu zuen «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

20. Hogeita bi urtez izan zen Jeroboam errege. Hil zen, eta haren ondorengo erregea beraren seme Nadab izan zen.

21. Judan Salomonen seme Roboam zen errege. Berrogeita bat urte zituen Roboamek errege izaten hastean, eta hamazazpi urtez izan zen errege Jerusalemen, Jaunak Israelgo leinu guztien artetik bere egoitza jartzeko hautatu zuen hirian. Roboam erregearen amak Naama zuen izena eta amondarra zen.

22. Judakoek gaizki jokatu zuten Jaunaren begietan. Egin zituzten bekatuez, beren gurasoek baino askoz gehiago haserrarazi zuten Jauna.

23. Kultu-lekuak, zutarri eta zutoin sakratuak egin zituzten muino guztien gailurretan eta zuhaitz hostotsu guztien azpian.

24. Lurralde hartan baziren prostituzio sakraturako gizon eta emakumeak. Israeldarren aurretik Jaunak bota zituen jentilen likiskeria guztiak egin zituzten.

25. Roboamen erregealdiaren bosgarren urtean, Egiptoko errege Xixak Jerusalemi erasotzera etorri zen

26. eta Jaunaren etxeko eta erregearen jauregiko altxorrez jabetu. Dena harrapatu zuen, baita Salomonek eginiko urrezko babeskiak ere.

27. Hauen ordez, Roboamek brontzezko babeskiak egin eta jauregiko sarrera zaintzen zuen taldearen buru zirenei utzi zizkien.

1 Erregeak 14