17. Jaunak hau agindu baitit: «Ez jan ogirik han, ez edan urik, ez itzuli joan zaren bide beretik».
18. Beste profetak, alabaina:—Profeta nauzu ni ere zu bezala, eta mezulari bat mintzatu zait Jaunaren izenean, esanez: «Itzularazi hori zeure etxera; jan dezala ogia eta edan ura».Gezurra zioen.
19. Baina Jainkoaren gizonak profetarekin joan eta haren etxean jan zuen ogia eta edan ura.
20. Hortan, mahaian zeudelarik, Jainkoaren hitza etorri zitzaion itzularazi zuen profeta zaharrari,
21. eta honela egin zion oihu Judatik etorritako Jainkoaren gizonari:—Hona zer dioen Jaunak: «Ez duzu egin Jaunaren esana; ez duzu bete Jaunak, zeure Jainkoak, eman zizun agindua.
22. Itzuli egin baitzara eta debekatu nizun tokian jan duzu ogia eta edan ura. Horregatik, zure gorpua ez dute zure gurasoen hilobian lurperatuko».
23. Jan eta edan ondoren, itzularazi zuen profeta zaharrak Jainkoaren gizonari astoa txalmatu zion
24. eta joan egin zen hau. Lehoia atera zitzaion bidera eta hil egin zuen gizona. Gorpua bidean etzana gelditu zen, astoa eta lehoia alde banatan zituela.
25. Bide hartatik zihoazen gizon batzuk, gorpua lurrean eta lehoia aldamenean ikustean, profeta zaharra bizi zen hirira joan ziren aditzera ematera.
26. Gizon hura itzularazia zuen profeta zaharrak, berri hori jakitean, esan zuen: «Jainkoaren gizona da! Ez du bete Jaunaren agindua, eta Jaunak lehoiaren atzaparretara eman du; lehoiak zatikatu eta hil egin du, Jaunak aurrez esana zion bezala».
27. Gero, esan zien bere semeei:—Txalmatu iezadazue astoa!Txalmatu ziotenean,
28. joan egin zen. Eta han aurkitu zuen hilotza lurrean, astoa eta lehoia aldamenean zutik zituela. Lehoiak ez zuen gorpua jan, ezta astoa zatikatu ere.
29. Profeta zaharrak Jainkoaren gizonaren gorpua hartu, asto gainera jaso eta eraman egin zuen. Hirira itzulirik, hiletak egin eta lur eman zion.
30. Bere hilobian ehortzi zuen gorpua eta negar egin zion, esanez: «Ai, ene anaia!»
31. Lur eman ondoren, esan zien bere semeei:—Ni hil nadinean, ehortz nazazue Jainkoaren gizona ehortzia dagoeneko hilobian. Ezarri nire hezurrak haren hezurren ondoan.
32. Beteko da bai mehatxua, Betelen dagoen aldarearen kontra eta Samariako hirietan dauden muinoetako kultu-leku guztien kontra gizon hark, Jaunaren aginduz, oihukatu zuen mehatxua.
33. Gertakari honen ondoren, Jeroboamek, bere jokabide okerretik aldendu ordez, kultu-lekuetako apaizak herriko jende xehearen artetik hartzen jarraitu zuen. Kargu hori gogoko zuen edonor sagaratu ohi zuen kultu-lekuetako apaiz izateko.
34. Honetan datza Jeroboamen errege-etxearen bekatua; horregatik desegin eta suntsiarazi zuten lur gainetik.