1 Erregeak 11:7-11 Elizen Arteko Biblia (EAB)

7. Jerusalemen aurrez aurre dagoen mendian kultu-leku bana eraiki zien Kemox-i, moabdarren sasijainko nardagarriari, eta Milkomi, amondarren sasijainko higuingarriari.

8. Orobat bere emazte atzerritar guztien jainkoei ere, emazte haiek beren jainkoei intsentsua eta sakrifizioak eskain ziezazkieten.

9. Haserretu zitzaion Jauna Salomoni, honek bere bihotza Jaunarengandik, Israelen Jainkoarengandik, aldendu zuelako. Bi bider agertua zitzaion,

10. eta agindua zion, hain zuzen ere, ez zezala jo jainko atzerritarrengana; hark, ordea, ez zuen bete Jaunak agindua.

11. Orduan, esan zion Jaunak Salomoni: «Horrela jokatu duzulako, nire ituna, nik emaniko aginduak gorde ez dituzulako, hara: kendu eginen dizut erregetza eta zure zerbitzarietako bati emanen diot.

1 Erregeak 11