1 Erregeak 1:27-37 Elizen Arteko Biblia (EAB)

27. Egiaz zuk agindurik egin al dute hori? Guri, zeure zerbitzarioi, ez diguzu esan nor izanen den zure hurrengo erregea.

28. Erregeak, orduan, agindu zuen:—Dei egin Betsaberi!Betsabe sartu eta zutik gelditu zen erregearen aurrean.

29. Orduan, erregeak honela egin zuen zin:—Ala Jauna, atsekabe orotatik atera nauena!

30. Zin egin nizun, bai, Jaunarengatik, Israelen Jainkoarengatik, zure seme Salomon izanen zela nire ondorengo erregea eta bera jarriko zela nire errege-aulkian. Hara, gaur beteko dut zin hura!

31. Betsabek, erregearen aitzinean lurreraino ahuspezturik, esan zuen:—Gora beti David erregea, ene jauna!

32. Davidek, orduan:—Dei egin Tzadok apaizari, Natan profetari eta Joaiadaren seme Benaiasi.Hauek sartu zirenean,

33. erregeak esan zien:—Hartu zeuekin nire funtzionarioak eta jaitsi Gihon-era nire seme Salomon, nire mando gainean jarririk.

34. Tzadok apaizak eta Natan profetak gantzutu dezatela han Salomon Israelgo errege, eta zuek, adarra joz, egin oihu honela: «Gora Salomon erregea!»

35. Igo, gero, beraren ondoren, eta hona heltzean, jar dadila nire errege-aulkian, nire ondoren errege izateko. Bera izendatzen dut Israelgo eta Judako buruzagi.

36. Joiadaren seme Benaiasek erantzun zion:—Hala bedi! Hala nahi izan dezala Jaunak, gure erregearen Jainkoak!

37. Izan bedi Jauna Salomonentzat ere zuretzat izan dena; egin dezala haren erregetza zurea baino handiago, oi ene errege David!

1 Erregeak 1