Zenbakiak 22:26-35 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

26. Jaunaren aingerua aurreratu eta inori eskuin-ezkerrera egiten ez uzteko moduko estugune batean gelditu zen.

27. Hura ikustean, etzan egin zen astemea Balaamen azpian. Haserretu eta makilaz jo zuen Balaamek.

28. Orduan, Jaunak hitz egiteko dohaina eman astemeari, eta honek esan zion Balaami:—Zer egin dizut nik, hiru bider horrela jotzeko?

29. Balaamek erantzun:—Niri burla egiten ari haiz! Labanarik banu, hementxe hilko hinduket.

30. Astemeak esan zion:—Ez al nauzu, bada, zeure astemea, betidanik gainean eraman zaituena? Eta inoiz portatu al naiz honela zurekin?—Ez! —erantzun zion Balaamek.

31. Orduan, ezpata eskuan bide erdian zegoen aingerua eman zion ikustera Jaunak Balaami. Lurreraino ahuspeztu zen Balaam,

32. eta Jaunaren aingeruak esan zion:—Zergatik jo duzu hiru bider astemea? Neu atera natzaizu bidea oztopatzera, okerreko bidetik baitzoaz.

33. Astemeak ikusi eta hiru bider saihestu nau. Bestela, hila zintudan dagoeneko, bera bizirik utziko nuelarik.

34. Balaamek erantzun zion Jaunaren aingeruari:—Oker jokatu dut! Ez nekien bidea oztopatzen zidana zeu zinenik. Baina nire bidaia atsegin ez bazaizu, itzuli egingo naiz.

35. Jaunaren aingeruak erantzun:—Zoaz gizon horiekin, baina nik adierazitakoa bakarrik esango duzu.Horrela, Balaken buruzagiekin joan zen Balaam.

Zenbakiak 22