Mateo 21:7-17 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

7. Astemea eta astakumea ekarri eta beren jantziak bizkarrean ezarri zizkieten, eta Jesus gainean eseri zen.

8. Askok eta askok jantziak zabaldu zituzten bidean; beste batzuek, berriz, zuhaitzei adaxkak moztu eta bidean hedatu zituzten.

9. Aurretik eta atzetik zihoan jendeak honela zioen oihuka: «Hosanna Daviden Semeari! Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena! Gora Jainko gorena !»

10. Jesus Jerusalemen sartu zenean, hiri osoak, asaldaturik, galdetzen zuen:—Nor dugu hau?

11. Jendeak erantzuten zuen:—Jesus profeta da, Galileako Nazaretekoa.

12. Jesus tenpluan sartu zen, eta bertan salerosketan ari ziren guztiak kanpora bota zituen eta diru-trukatzaileen eta uso-saltzaileen mahaiak irauli.

13. Eta esan zien: «Liburu Santuak dio: Nire etxea otoitz-etxe izango da; zuek, berriz, lapur-zulo egina duzue».

14. Tenpluan itsuak eta herrenak hurbildu zitzaizkion, eta sendatu egin zituen.

15. Baina apaizburuak eta lege-maisuak haserre bizian zeuden, Jesusek egiten zituen gauza harrigarriengatik eta haurrak tenpluan «Gora Daviden Semea!» oihuka ari zirelako.

16. Eta esan zioten:—Ez al duzu entzuten zer dioten horiek?Jesusek erantzun zien:—Bai. Eta zuek ez al duzue inoiz Liburu Santuko pasarte hau irakurri: Umetxoen eta bularreko haurtxoen ahotik atera duzu gorespena?

17. Eta haiek bertan utzi eta hiritik kanpora atera zen, Betaniara, eta han eman zuen gaua.

Mateo 21