Lukas 18:14-31 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

14. «Benetan diotsuet azkeneko hau Jainkoarekin bakean itzuli zela etxera; fariseua, berriz, ez. Zeren eta bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena, goratu».

15. Haurtxoak eraman zizkioten Jesusi, uki zitzan; ikasleek, hori ikustean, haserre egiten zieten.

16. Baina Jesusek haurtxoak beregana deitu zituen eta esan: «Utzi haurrei niregana etortzen, ez galarazi, horrelakoek baitute Jainkoa errege.

17. Benetan diotsuet: Jainkoaren erreinua haur batek bezala onartzen ez duena ez da inola ere bertan sartuko».

18. Handiki batek galdetu zion Jesusi:—Maisu ona, zer egin behar dut betiko bizia ondaretzat jasotzeko?

19. Jesusek erantzun zion:—Zergatik esaten didazu ona? Inor ez da ona Jainkoa besterik.

20. Badakizkizu aginduak: Ez egin adulteriorik, ez hil inor, ez ostu, ez egin gezurrezko testigantzarik, ohoratu aita-amak.

21. Hark, orduan:—Gazte-gaztetandik bete izan dut hori guztia.

22. Hori entzutean, Jesusek esan zion:—Gauza bat falta zaizu oraindik: saldu daukazun guztia eta eman behartsuei, zeure aberastasuna zeruan izan dezazun; gero, zatoz eta jarraitu niri.

23. Hitz hauek entzutean, guztiz atsekabetu zen handikia, oso aberatsa baitzen.

24. Jesusek, handiki hura hain atsekabetua ikusirik, esan zuen:—Bai nekez sartuko direla aberatsak Jainkoaren erreinuan!

25. Bai, orratzaren begitik gamelua sartzea errazago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino.

26. Entzuleek galdetu zioten:—Nor salba daiteke, orduan?

27. Jesusek erantzun zien:—Gizakiek ez dezaketena Jainkoak badezake.

28. Pedrok esan zuen:—Hara, guk, genituen guztiak utzirik, zuri jarraitu dizugu.

29. Jesusek erantzun:—Benetan diotsuet: Jainkoaren erregetzagatik etxea, emaztea, senideak, gurasoak eta seme-alabak uzten dituenak

30. mundu honetan askoz gehiago jasoko du, eta datorren munduan betiko bizia.

31. Hamabiak beregana bildurik, Jesusek esan zien: «Hara, Jerusalemera igotzen ari gara, eta han beteko da profetek Gizonaren Semeaz idatzi duten guztia.

Lukas 18