Lebitarrena 19:11-25 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

11. «Ez ostu, ez esan gezurrik, ez egin iruzurrik zeuen herritarrari.

12. Ez egin gezur-zinik Jaunaren izenean, zeuen Jainkoaren izena profanatuz. Neu naiz Jauna.

13. «Ez zapaldu lagun hurkoa, ez larrutu. Ez utzi biharamuna arte ordaindu gabe langilearen lansaria.

14. Ez madarikatu gorra, ez ipini itsuari bidean oztoporik. Horrela erakutsiko duzue begirune diozuela Jainkoari. Neu naiz Jauna.

15. «Ez egin bidegabekeriarik epaiketan, ez jende xehearen alde jarriz, ez handikiari mesede eginez: epaitu zuzenbidez zeuen herritarra.

16. Ez ibili herritarraren izena belzten; ez egin salaketa faltsurik lagun hurkoa heriotzara kondenarazteko. Neu naiz Jauna.

17. «Ez eman biderik zeuen barrenean anaiarenganako gorrotoari; baina ez izan herritarra zentzarazteko beldur ere, harengatik bekaturik egin ez dezazuen.

18. Ez hartu mendekurik, ez izan erresuminik herritarrekin. Maitatu lagun hurkoa zeuen burua bezala. Neu naiz Jauna.

19. «Bete itzazue nire legeak. Ez elkar batu bi mota ezberdinetako abereak, ez erein bi mota ezberdinetako haziak, ez jantzi bi mota ezberdinetako ehunez eginiko arroparik.

20. «Norbaitek emakumezko esklabo batekin sexu-harremanak baditu, emakumea beste bati hitzemana zegoelarik eta jaregite-sari bidez edo beste nolabait libre izatera iritsi gabe, kalte-ordaina eman beharko du; baina errudunak ez dituzte heriotzara emango, emakumea ez baitzen librea.

21. Gizonak ahari bat eramango du elkarketa-etxolaren sarrerara, Jaunari ordain-oparitzat eskaintzeko.

22. Ordain-opariko ahariaren bidez, bekatuaren barkamen-ohikunea egingo du apaizak Jaunaren aurrean eta barkatua izango du gizonak bekatua.

23. «Kanaan lurraldean sartuko zaretenean eta fruta-arbolak landatu, arbolen fruitua kutsatutzat edukiko duzue hiru urtez; beraz, ez duzue jango.

24. Laugarren urtean, fruitu guztiak Jaunari sagaratuko dizkiozue gorespen-ospakizun batean.

25. Bosgarren urtetik aurrera jan ahal izango dituzue. Horrela egiten baduzue, gero eta ugariagoak izango dira zuen uztak. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa.

Lebitarrena 19