Lebitarrena 1:3-12 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

3. Erre-oparitzat eskaini beharrekoa abelgorria bada, zekor akats gabea eskainiko da eta elkarketa-etxolaren sarrerara eramango, Jaunak atseginez onar dezan.

4. Eskaintzaileak eskua ezarriko dio buruan, eta Jaunak bere bekatuen ordaintzat onartuko dio.

5. Zekorra Jaunaren aurrean hilko du; apaizek, Aaronen ondorengoek, odola aurkeztuko dute eta odolaz elkarketa-etxolaren sarreran dagoen aldarea zipriztinduko dute alde guztietatik.

6. Gero, eskaintzaileak erre-oparigaia larrutu eta zatitu egingo du;

7. apaizek sua egingo dute aldare gainean eta egurra jarriko sutan;

8. egurraren gainean haragi-zatiak atonduko dituzte, buru eta gantzekin batera.

9. Uretan garbituko dituzte hesteak eta hankak, eta guztia erabat erreko du apaizak aldarean. Erre-oparia da hau, Jaunak atseginez onartzen duen oparia.

10. «Erre-oparitzat eskaini beharrekoa abere xehea bada, arra eta akats gabea eskainiko da, aharia nahiz akerra;

11. eskaintzaileak aldarearen iparraldean hilko du, Jaunaren aurrean; gero, apaizek haren odolaz aldarea zipriztinduko dute alde guztietatik;

12. zatitu egingo du apaizak, eta zatiok, buru eta gantzekin batera, aldarean sutan jarritako egurraren gainean atonduko ditu.

Lebitarrena 1