Judit 8:12-27 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

12. Zein zarete zuek Jainkoari gaur baldintzarik jartzeko? Jendearen erdian Jainkoaren ordez zaudetela uste al duzue?

13. Jaun ahalguztiduna tentatu nahi izan duzue, baina ez duzue inoiz ere beraren asmorik ulertuko.

14. Gizonaren bihotz barruan zer dagoen eta buruan zein gogoeta egiten duen jakiteko gauza ez bazarete, nola antzeman guztia egin duen Jainkoaren asmoei, nola jakin beraren burutapenak, nola ulertu beraren erabakiak? Ez, ene senideok, ez haserrarazi Jauna, gure Jainkoa.

15. Izan ere, bost egun horietan lagundu nahi ez badigu ere, nahi duenean lagun diezaguke edota, bestela, gu suntsiarazi ere bai etsaien eskuz.

16. Ez ipini baldintzarik Jaunaren, gure Jainkoaren, erabakiei; Jainkoa ez baita gizakumea bezalakoa mehatxuka ibiltzeko edota nola jokatu behar duen agintzeko.

17. Beraz, eska diezaiogun laguntzeko, beraren salbamenaren zain gaudelarik. Eta entzungo du gure eskaria, hala nahi badu.

18. «Gure belaunaldi honetan, gure egunotan ez da gure artean idolorik adoratzen duen leinurik, ez familia, ez senitarte, ez hiririk, antzina egin ohi zuten bezala.

19. Horregatik utzi zien Jainkoak etsaiei gure arbasoak ezpataz hiltzen eta dena lapurtzen. Horra zergatik jasan zuten halako hondamena.

20. Guk, ordea, ez dugu geurea beste jainkorik ezagutzen. Horregatik espero dugu ez gaituela arbuiatuko, ez gu, ezta gure herriko inor ere.

21. «Izan ere, gu harrapatzen bagaituzte, Judea osoa eta gure tenplua ere harrapatuko dituzte eta profanazio hori geure biziaz ordainaraziko digu Jainkoak.

22. Esklabo eramango gaituzten nazioen erdian, gure gainera botako du gure senideen heriotza, gure herriaren gatibualdia eta gure ondarea suntsitzearen erantzukizuna. Eta harrapatuko gaituztenek irain eta iseka egingo digute.

23. Eta esklaboaldian geure jabeak ez zaizkigu gupidatuko, baizik eta lotsabide bihurtuko digu Jainko Jaunak esklaboaldia.

24. «Beraz, senideok, erakuts diezaiegun anai-arrebei geure esku dugula beraien bizia, baita toki santua, tenplua eta aldarea ere.

25. Eta, gainera, eman diezazkiogun eskerrak Jaunari, geure Jainkoari, gu ere, arbasoak bezala, probatzen gaituelako.

26. Oroit zaitezte Abrahami egin zionaz eta nola probatu zuen Isaak. Oroitu Jakobi Siriako Mesopotamian gertatu zitzaionaz, bere amaren anaia Labanen artaldeak zaintzen ari zelarik.

27. Haien bihotzak suz probatu zituen bezala, gu ere, berarengana hurbiltzen garenok, zigortu egiten gaitu Jaunak; ez, ordea, gutaz mendekatzeko, zuzenarazteko baizik».

Judit 8