1. Juditek esan zion jendeari: «Entzun, senideok! Hartu buru hau eta eseki harresi gainean.
2. Eta, eguna argitzen hasi eta eguzkia lur gainera ateratzean, har ditzala nork bere armak. Indarrean zaudeten gizon guztiok atera zaitezte hiritik kanpora. Zuetarik bat buruzagi harturik, egin asiriar aurre-taldearen kontra lautadara jaisteko itxura. Baina ez jaitsi.
3. Horiek, armak harturik, beren kanpalekura joango dira eta asiriar gudarosteko gudalburuak esnatuko dituzte. Gudalburuok Holofernesen oihal-etxolara joango dira lasterka, baina ez dute aurkituko. Orduan, izutu egingo dira eta ihesi joango zuen aurretik.
4. Zuek eta Israelen lurraldeko bizilagun guztiek jarraitu beroriei eta beren ihesbidean hilko dituzue.
5. Hori guztia egin aurretik, ordea, deitu Akior amondarrari, Israel herria gutxietsi eta bera gure artera hiltzera bidali zuena ikusi eta bera dela aitor dezan».
6. Etorrarazi zuten, bada, Akior Oziasen etxetik. Heldu eta jendarteko gizon baten eskuan Holofernesen burua ikustean, zorabiatu eta lurrera erori zen.
7. Jaso zutenean, makurtu egin zen Juditen oinetaraino eta, beraren aurrean ahuspezturik, esan zuen: «Goretsia zu Judako oihal-etxola guztietan! Zure entzutea izango duten nazio guztiak ikaratu egingo dira!
8. Baina esadazu egun hauetan egin duzun guztia».Jende guztiaren erdian kontatu zion Juditek atera zen egunetik mintzatzen ari zen unea arte egindako guztia.
9. Juditek hitzaldia bukatzean, herriak oihu handiak egin zituen eta hiri osoa poz-deiadarrez bete zen.
10. Israelen Jainkoak egin zuena ikusirik, Akiorrek benetan sinetsi zuen Jainkoarengan, erdainkuntza egin eta Israel herriko kide bihurtu zen, bera eta ondorengoak gaurdaino.
11. Eguna argitzean, eseki zuten harresian Holofernesen burua. Gizon bakoitzak bere armak hartu eta, taldetan antolaturik, irten ziren denak mendi-maldetara.